 |  |
KA229 ‘On the move for social inclusion’ Gasteizen, 2019ko apirilaren 7tik 12ra. |  |
 | Gure lagunak eskolan eta gure hirian jasotzeko ordua iritsi zitzaigun. Astelehenean hasi genuen jardunaldia gure zuzendaria den Peio Garmendiak nazioarteko delegazio ezberdinei egin zien harrerarekin |
Ondoren herrialde ezberdinetako ikasle eta irakasleek ekarritako produktuekin eta Juan Serrano Sukalde-irakaslearen gidaritzapean Oinarrizko Lanbide Heziketako 1.go mailako gure ikasleek egindako pintxo batzuekin coffee-break bat egin genuen, berau ere Juanjo Lazkano Zerbitzu-irakaslearen gidaritzapean Oinarrizko Lanbide Heziketako 1.go mailako ikasleek zerbitzatua. |  |
 | Behin berrindartuta, gure agendarekin jarraitu genuen eskolako Ethazi gela berrietan, non herrialde bakoitzeko ordezkariek beraien herrialdeetako hezkuntza-sistemen ezaugarriak azaldu zizkiguten eta gure kasuan Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe guztietan martxan jarri den ETHAZI metodologia berria azaldu genuen, erronketan oinarritutako hezkuntza sistema. |
Eguerdian, Juan Serrano eta Juanjo Lazkano irakasleen gidaritzapean Oinarrizko Lanbide Heziketako 1.go mailako ikasleek prestatu eta zerbitzatutako euskal gastronomiako bazkari ederra gozatu genuen eta gure lagun atzerritarrek adierazi zigutenez, benetan gozatu zuten jana. Noski, inguruko taberna batean barre algara batzuk botatzeko aukera ere izan genuen non, kafe ederra hartzeaz gain, Erasmus+ Nazioarteko Futbolin Txapelketa ospatu genuen. |  |
 | Arratsaldea tailer eta eginkizun ezberdinak burutzen eman genuen: proiektuaren inguruko tailerrak, hots, Mobility Tool+, proiektuaren zabaltzea eta etorkizunerako jarraibideak aztertzeko aukera irakasleentzat. |
Sukaldaritza tailerrak ikasleentzat; gure ikasleen laguntzarekin ikasle atzerritarrek beraien abileziak erakutsi ahal izan zituzten. |  |
 | Afaria ere eskolan bertan egin genuen, ikasle talde ezberdinek nazioarteko gutizia ezberdinak prestatu ondoren. Emaitza, hitz gutxitan esanda, zoragarria izan zen! Ikasleek, bestalde, izugarri disfrutatu zituzten sukaldaritza tailerrak. |
Astearte goizean Gasteizko bi museo bisitatu genituen, Armagintza Museoa eta Arte Ederren Museoa. Egia esan, bai ikasleok eta baita irakasleok ere asko gozatu genituen bisita kultural biak. |  |
 | Ondoren Estadio jatetxera abiatu ginen denok elkarrekin bazkaltzeko eta ikasleek, nola ez, hainbat txapelketa egin zituzten bertan dauden kirol zelaiez baliatuta. Baina oraindik ere beste jardunaldi erdia geratzen zitzaigun eskolan… ikasleentzako bigarren sukalde-tailerrak, oraingo honetan gozogintzakoak, irakasleok ere batu gintzaizkielarik gure lan-tailerrak bukatu ondoren. |
Arratsalde gozoa benetan, buffet erako afari batekin amaitu genuena. Arratsaldeko ikasle talde batek Andoni Racero irakaslearekin landutako buffeta dastatu ahal izan genuen, hainbat gutizia dastatuz. Eta berandu egin gabe amaitutzat eman genuen eguna, hurrengoa ere nekagarria izango zelakoan baikeunden. |  |
 | Asteazkena zen, astea aurrera zihoan eta hainbat ziren oraindik ere egin eta ikusi beharrekoak. Lehenik eta behin Oñatira abiatu ginen, non Arantzazuko Santutegira egin genuen bisita azkarra. |
Gomiztegira joan aurretik; oso ohikoa ez den ikastetxea bisitatu genuen, non ikasle talde batek artzai izateko eta gaztaren munduan murgiltzeko ikasketak burutzen dituen. Bisitaren eta euskal artzain-txakurraren ikuskizunaren ostean berriz ere gure ikastetxera itzuli ginen, non Goi Mailako ikasleek, Aitor Etxebarria irakaslearen gidaritzapean euskal menu tipiko bat eman ziguten. |  |
 | Ondoren Añana Gesaltzara abiatu ginen, Gatz Haranak eskaintzen dituen erromatarren garaitik datozen inguru harrigarriak gozatzeko eta kalitate paregabeko gatza ekoizten duten ingurua ezagutzeko. Bai Gatz Haranaren inguruen bisitaldia eta baita ondoren egin genuen gatz dastatze tailerra izugarri gozatu genuen bai ikasleok eta baita irakasleok ere. Denok ala denok ederki gozatu genuen egun hau Boulevard Zentro Komertzialean amaitu genuen, non ikasleek eta irakasleok erosketa batzuk egiteko denbora izan genuen denok elkarrekin afaldu aurretik. |
Ederki zihoan astea baina tamalez amaiera gertu zen… Ostegun goizean nazioarteko delegazio ezberdinetako ikasle eta irakasleak Gasteizko erdialdean elkartu ginen gure hiria hobetoxeago ezagutzeko eta eguerdian, bazkaldu aurretik, Gasteiz hiriko agintariek hartu gintuzten Udaletxean harrera ofizial batean. Arratsaldean Gasteizko alde zaharra bisitatu genuen. Ertaroko kaleetatik barrena abiatu ginen Ama Zuriaren enparantzatik eta bertan dagoen Independentzia Guduan Gasteizko hiriak izan zuen garaipena gogoratzen duen monumentutik aterata. Antzinako kaleetan barrena ibili ginen, hauetan dauden eraikuntza zoragarriak ikusi ahal izan genituen, besteak beste, dorretxeak, katedral zaharra, eta bestelako gotikoko, errenazimenduko barrokoko edo neoklasikoko eraikuntzak, hiriko harresia, etab. |  |
 | Egunari amaiera ezinhobea emateko, agur-afaria edo Farewell Dinner delakoa El Portalón jatetxean eskaini genien gure lagun atzerritarrei; XV. mendeko eraikuntza historiko paregabean dagoen jatetxe zoragarria. Pintxo degustazio zoragarri bat gozatu genuen; benetako goi mailako sukaldaritza miniaturan. Baina betikolez, agurraren garaia ere iritsi zen… berriz ere agur hunkigarria benetan. Elkarrekin egun batzuk baino askoz gehiago elkartrukatu izanaren sentimenduaz agurtu ginen guztiok, bai ikasleok eta baita irakasleok ere. Ostiralean norbera bere etxera bueltatzeko momentua iritsi zen… …Turkiako Kirikkalen ikusiko dugu elkar berriz ere! Bihotzez, mila esker, lagunok! |