 |  |
KA229 ‘On the move for social inclusion’ proiektuaren testuinguruan, Kirikkale, Turkia, 2019ko urriaren 5etik 12ra. Eta azkenik iritsi ginen Turkiara! Goizean goiz martxan jarri ondoren Bilboko aireportuan hartu genuen Munichera eramango gintuen hegazkina, handik Ankarara abiatzeko. Oraingo honetan Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailako 5 ikasle, bi irakasle eta zuzendaria joan ginen bidaian. |  |
 | Bazkalostean iritsi ondoren, gure lehen eguna Ankaran eman genuen; bertan Kizilay ingurua bisitatu ahal izan genuen, hiriko tokirik modakoena momentu honetan. Gaua Ankarako hotel batean pasa ondoren, hurrengo goiza ere Ankarako zonalde hori bisitatzen pasa genuen eta bapo bazkaldu ondoren Kirikkalera eramango gintuen minibusa hartu genuen eta bertara iristean harrera beroa jaso genuen guztiok. |
Egia esan, hasera-haseratik liluratu gintuzten herrialdeak berak eta baita bertako pertsonek ere. |  |
 | Eta, nola ez, turkiar kafe zoragarri batekin hartu gintuzten. |
Astelehenean ere harrerarik beroena jaso genuen Yildirim Beyazit Anadolu Lisesi institutuko zuzendaritza taldearengandik, bertako irakasle taldearengandik eta baita gainontzeko langileengandik ere. |  |
 | Harreraren ostean ikastetxea bisitatu genuen eta ondoren bertako ikasleek prestatutako ‘Turkish Delight’ antzezpenarekin harritu gintuzten, zeinetan ikastetxeko ikasleek abesti eta dantza turkiar tipikoak antzeztu zituzten eta gainontzeko delegazioetako ikasleak dantzan jarri zituzten, bitartean irakasleok proiektuaren inguruko gorabehera anitzen inguruan lanean aritu ginelarik. |
Guzti honen ostean ikastetxetik gertu dagoen Kirikkaleko Institutu Zientifikoa bisitatzera joan ginen eta bertan bazkaldu genuen denok elkarrekin. |  |
 | Ondoren berriz ere hiriko erdialdera bueltatu ginen eta marmolatu tailer artistiko bat burutu genuen bertako institutu artistiko publiko batean, non ikasleek beraien trebetasun artistikoak frogatu ahal izan zituzten. |
Tailer honetan emandako erakusketa artistikoaren ostean orientazio ekintza bat egitera abiatu ginen hiriko orientazio-parke batera eta bertan burutu zen eguneko bigarren tailerra. |  |
 | Asteartean berriz ere delegazio atzerritar guztietako ikasle eta irakasleak elkartu ginen institutuan eta diskriminazioaren inguruan delegazio bakoitzak prestatuak zituen ikus-entzunezko ezberdinak ikusi genituen eta ondoren mobilitatean parte hartu izanaren akreditazioak jaso genituen ikastetxeko zuzendariaren eskutik. |
Ondoren Ankarara eramango gintuen autobusa hartu eta bertara abiatu ginen, non Ataturk-en, turkiar aberriaren aitaren mausoleoa eta museoa bisitatu genituen. |  |
 | Ondoren Anatoliako zibilizazioen Arkeologia Museoa bisitatzera abiatu ginen, non herrialdearen ondare arkeologiko aberatsaren aztarnak ikusi ahal izan genituen. |
Eguna primeran pasatzen ari ginen eta, nola ez, gure lagun turkiarrek berriz ere harrituta utzi gintuzten Ankarako Behzat jatetxean eskaini ziguten Farewell Dinner delakoarekin. |  |
 | Astea azkar zihoan aurrera eta oraindik ere hainbat ziren ikusi beharreko gauza interesgarriak… Asteazken goizean berriz ere elkartu ginen guztiok institutuan, non ikasleek primeran pasa zuten kirol ekintzekin, musika jarduerekin eta abarrekin bitartean irakasleok proiektuarekin erlazionatutako hainbat eginbehar betetzen genituen bitartean bai proiektuaren difusioaren eta eraginaren inguruan, bai hurrengo mobilitateen data eta eginbeharren inguruan, etab. |
Behin hori guztia adostu ondoren, berriz ere autobusetara igo ginen Turkiako ingururik miresgarrietako batera abiatzeko… Kapadozia-ra! Nevsehir-en kokatuta dagoen Uranos izeneko lurrazpiko jatetxean primeran bazkaldu ondoren Kapadoziako maitagarrien tximinien bailara ikustera joan ginen. |  |
 | Ondoren eltzegile artisau baten tailerrera joan ginen, non ikasleek buztinarekin dituzten trebetasunak frogan jarri ahal izan zituzten artisauaren azalpenen ondoren. |
Eta aurreko egunean ahozabalik geratu ondoren, ostegunean gure bisitaldi kulturalekin jarraitu genuen. Lehenik eta behin Özkonak izeneko lurrazpiko hiria bisitatzera joan ginen, behin antzinako hititek sortua. |  |
 | Ondoren berriz ere liluratu gintuen inguru bat ikustera joan ginen, Göreme izeneko museoa, arrokan industutako freskoz beteriko eliza eta monastegiz beteriko ingurua. |
Bai ikasleek eta baita irakasleok ere izugarri gozatu genuen inguru hau. Uçhisar hiriko arrokan industutako etxebizitzak eta gaztelua. |  |
 | Pigeon Valley, Onix-a lantzen duen tailer bat Uçhisar bertan eta Ürgüp-etik ikusten diren bailara kapadoziar liluragarrietako panoramikak izan ziren Kirikkalera bueltatu aurretik ikusi ahal izan genituen. |
Hurrengo egunean, ostiralean, mobilitate guztietan hain hunkigarriak izaten diren agurren garaia iritsi zen. Argi geratu zen Turkian pasatako egun hauek ez zirela izan etxe batean ohe bat konpartitu izana bakarrik, baizik eta bizitza guztian ikasleen gogoetan eta bihotzetan geratuko diren loturak sortzea. Lagun turkiarroi, bihotz-bihotzez, mila esker! … Greziako Tesalonikan elkar ikusi arte! |  |
| |